Taratatxin tatatxin! Taratatxin tatatxin! Taratatxin Tatatxin! Taratatxin taratatatxin ! Txin! Ongi etorri Hauteskunde Zirko Mundi…zipalera! Sartu, eta ikusi lau urterik behin herriko bizimodua aztoratzen duen ikuskizuna! Ez galdu aukera! Boto baten truke, besterik ez! Botoa eman eta eskubidea izango duzu espektakulua ikusteko!
Etorri eta gozatu alderdi guztietatik etorritako artistekin: Ekilibristak! Esandakotik egindakora bitarteko hari finaren gainean maniobra galantak egiten ikusiko dituzue, poltronatik erori gabe! Pailazoak! Gu denoi trufa eta barre egiten! Domadoreak! Edozein iruzurretako ahoan burua (eta, batez ere, eskua) sartuko dutenak! Magoak! Programetan agindutakoak ilusio faltsu bihurtuko dituztenak, trukoa non dagoen ikusi gabe!
Bai, lagunok. Horixe da maiatzean ikusiko dugun espektakulua. Sigla guztietako artistak ikusiko ditugu hauteskundearen zirkoko pistetan: plazetan, zinema aretoetan, kalean… Gu liluratzeko prest, herritarron benetako kezketatik arreta desbideratzeko.
Behin hauteskundeak amaituta, Zirkoa joan egingo da. Botoen papeletak geldituko dira. Haizeak eramango ditu, gure ilusioak bezala. Konturatuko gara dena izan dela artifizioa, ilusioa, faltsua. Baina, lau urte barru, berriro etorriko dira artistak, eta berriro piztuko dute gure ilusioa. Hain gara inozoak!
