→Hego Uribe

GEURIAk apirileko paperezko edizioaren argitalpena atzeratu du

GEURIAko paperezko argitalpena, webgunea eta lantokia / Geuria

GEURIAko langileon artean hausnarketa sakona egin eta gero, erabaki dugu une honetan ez direla apirileko paperezko edizioa inprimatu eta banatzeko beharrezkoak diren baldintzak eta bermeak ematen.

Erabakia hartzerako orduan honako hauek kontutan izan dira: bizi dugun osasun-alerta egoera, Tokikom-eko beste toki komunikabideen esperientziak eta iritziak, eta GEURIAren ekoizpenean eta banaketan parte hartzen duten enpresen iritzia eta egoera.

Gauzak horrela, apirilaren 2an argitaratzekoa zen paperezko edizioa data zehatzik gabe atzeratzea iruditu zaigu zentzudunena, lehenbailehen ohiko martxari berriz heltzeko asmoz.

GEURIAn telelanean ari gara iragan martxoaren 13tik, langileon eta hornitzaileen osasuna bermatzeko barne-protokolo bati jarraituz. Hala ere, azken asteotan geuria geuria.eus webguneak inoiz baino mugimendu handiagoa izan du, eta azken egunetan aste honetan kaleratu behar genuen paperezko alean lanean aritu gara. Koronabirusaren krisiari buruzko monografiko bat da, egoera honetan oso beharrezkoa iruditzen zaigun testuingurua eta perspektiba ematen duena. Espero dugu etorkizunean argitaratu ahal izatea, gutxieneko baldintzak ematen badira.

GEURIAn Bizkaiko Hego Uribe eskualdean lan egiten dugu, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Ugao, Zaratamo eta Zeberio herrietan. Hego Uribe koronabirusak Euskal Herrian gogorren kaltetu duen eskualdea da Gasteizen atzetik. Horregatik, ahalegin handiena egiten ari gara webgunearen bitartez estaldurarik onena eta eduki bereziak eskaintzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak