Komunikabidea

GEURIAren paperezko edizioa bueltan da

Maiatzeko paperezko argitalpena / Geuria

Apirileko alearen argitalpena bertan behera utzi eta gero, egunotan GEURIAren paperezko zenbaki berria banatzen ari gara.

Paperezko edizioaren itzulera erabakitzerako orduan honako datu, irizpide eta iritzi hauek hartu dira kontutan:
-Azken lau asteetan osasun egoera orokorrean izandako hobekuntza
-Osasun-alerta egoeraren leuntze-fasearen hasiera
-Argitalpen hau banatuko duen enpresak eskaintzen dizkigun segurtasun neurriak
-Hego Uribeko Udaletako ordezkarien, Tokikom-eko kide batzuen eta GEURIAko lan taldearen eta kolaboratzaile sarearen iritzia

Horiek horrela, gure langileen eta irakurleen osasuna bermatzeko maiatzeko paperezkoan honako erabakiak hartu ditugu:
-Doako harpidedunei Correos bidez egiten zaizkien bidalketak bertan behera uztea (online izango duzue irakurgai, egoera orokorrak berme sendoagoak ematen dizkigun arte)
-Gure ohiko banaketa puntuak ahalik eta gehien murriztea. Hemen dituzu maiatzeko zenbakiaren banaketa puntuak.
-Etxez etxeko banaketa indartzea, baina honako segurtasun neurriak hartuta: atarietatik kanpoko buzoietan soilik banatu, ez buzoi pertsonaletan, txirrinak edo ateak ukitzea sahiesteko (kontrakoa gertatuz gero, mesedez, eskertuko genizueke jakinaraztea info@geuria.eus helbidera idatzita); banatzaile bakarra izango da maiatzeko zenbakian kutsatzeko arriskua txikitzeko (normalean, hiru bide ezberdinen bitartez egiten dugu banaketa); enpresa banatzailearen langileek eskularruak, maskara eta gela erabiliko dituzte, lanean hasi aurretik tenperatura hartuko zaie, euren arteko segurtasun distantzia zainduko dute bai enpresaren egoitzan, bai banaketarako erabiltzen dituzten ibilgailuetan zein banaketa lanetan.

GEURIAn telelanean ari gara iragan martxoaren 13tik, langileon eta hornitzaileen osasuna bermatzeko barne-protokolo bati jarraituz. Azken asteotan ahalegin handia egin dugu webgunearen bitartez egunerokotasunari buruz informatzeko, eta horrela jarraituko dugu. Baina, era berean, pozten gaitu paperezko argitalpena berreskuratzeak. Paperak ematen duen patxadarekin koronabirusaren krisiari ikuspuntu ezberdinak eta testuingurua ematen saiatu gara maiatzeko zenbakian. Halaber, hurrengo egunetan bizi dugun egoera latz honi egokitutako publizitate eskaintza bereziak egokitzen ari gara eskualdeko elkarte, enpresa eta merkatariekin dugun konpromisoa berresteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak