→Hego Uribe

Goienako Iban Arantzabalek hartu du Anbotoko Jone Guenetxearen lekukoa Tokikom-en

Iban Arantzabalek (Goiena) Jone Guenetxearen (Anboto) lekukoa hartu du euskarazko 70 toki hedabide batzen dituen taldean. Ohiko Batzar Orokorrean bazkide berriak onartzeaz gain, aurtengo gakoak sinergiak eta adimen artifiziala izango direla erabaki da.

Jone Guenetxea eta Iban Arantzabal / Jokin Bereziartua (Goiena)

• 2020 gogorrari elkarlanean aurre egin ondoren, sinergiak eta adimen artifiziala dira 2021erako gakoak.
• Tolosaldeko Ataria eta Arratia (Bizkaia) bailarako Begitu komunikabideek bat egin dute taldearekin
• Presidente berria Iban Arantzabal izango da, kargua 2017an hartu zuen Jone Guenetxearen ordez

GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidea kide den Tokikom-ek Urteko Batzar Orokorra egin du Eibarren gaur. 2020 gorabeheratsuaren errepasoa egin eta 2021eko kudeaketa plana onartzearekin batera, toki komunikabideen bateraguneak bazkide berriak onartu eta presidente berria ere izendatu du.

Tokian tokiko eragile guztientzat bezala, toki komunikabideentzat ere urte zaila izan da 2020. Hala ere, TOKIKOMen presidente kargua utzi berri duen Jone Guenetxeak nabarmendu du “zailtasunen aurrean indarrak batu eta kikildu beharrean aurrera egiteko” egindako apustua. “Zorionez,” –nabarmendu du Guenetxeak– “aurreratuta genituen zenbait lan oso baliagarriak izan dira Covid-19ak eragindako zailtasunei aurre egiteko, hala nola alor digitalean eta ikus- entzunezkoen esparruan egindako aurrerapenak. Egoera berezi honek aukera eman digu hainbat gai elkarren artean landu eta bisualizatzeko, baita barrura begira eta kudeaketa ikuspegitik, sektorearen bilakaera monitorizatu eta haren argazki zehatza egin ahal izateko”.

Taldekako ahalegin hori datuetan ere islatzen da: Interneteko kontsumoak goia jo zuen, noski, erabateko itxialdiaren eraginez, eta erronka zen irabazitako publiko hori mantentzea behin itxialdia amaitu ondoren ere. Helburu hori betetzat ematen du TOKIKOMek, 2020an bere bazkideen interneteko trafikoa %46 altuagoa izan baita, batez beste, 2019an baino. Pandemia garaian arriskua gertuen izan dutenek toki komunikabideetara jo dute informazio bila. Arabako Aleak, adibidez, %189ko hazkundea izan du bisitetan, ohiko trafikoa hirukoiztu du ia. Bizkaian, berriz, Hego Uribeko Geuria ere hortxe-hortxe dabil, %142ko hazkundearekin. Datuek argi uzten dute tokiko informazioaren pisua eta garrantzia: itxuraz sare sozialek eta edukien bestelako multinazionalek agintzen duten arren, informazioaren esparruan ere zero kilometroko edukiak berebiziko garrantzia du publikoarentzat, eta ezinbestekoa da ‘informazio-dieta osasungarria’ mantentzeko.

Joxe Rojas: “Trafikoa hirukoiztu dute Geuriak eta Aleak, arriskua gertuen ikusi duten tokikoek”

Barne-funtzionamenduari dagokionean ere, TOKIKOMek bere dinamika biziari eutsi dio 2020an: Teknologia eta Publizitate Batzordeek etengabe jardun dute lanean, eta Kudeaketa Batzordea ere forma hartzen hasi da pixkanaka. TOKIKOMen beraren izaera eta funtzioaren inguruko hausnarketa saio mamitsuak gauzatu dira bazkideekin, eta proiektuen alorrean 2015ean irekitako ziklo bat itxi du TOKIKOMek, Vicomtechekin batera garatutako hizkuntzen teknologien eta adimen artifizialaren inguruko ikerketa proiektu batean. Esparru horietan ikertzen eta esperimentatzen jarraitu behar badu ere, orain ikerketa proiektu horren baitan egindako aurrerapauso teknikoak eguneroko jardunean txertatzen joatea da erronka. Hala, TOKIKOMeko komunikabideek laster izango dituzte teknologia horiek eskuragarri TOKIKOMek euskarri ezberdinetarako eskaintzen dituen tresnetan: edizio digitaletarako TOKIKOM Plataforma Digitalean, Tokimedia multimedia zerbitzarian, eta paperezko argitalpenetarako Edizio Sistema bateratuan.

Bazkide berriak
. Bi bazkide berri ere onartu ditu Tokikom-ek gaurko Batzar Orokorrean. Alde batetik, Tolosaldeko Ataria, azken urteotan Tokikom Plataforma digitalaren erabiltzaile izatetik, orain bazkide oso izatera pasatu dena. Eta, beste batetik, Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamaboskaria, bere jardun osoari, eta batez ere internetekoari, astinaldi handia eman nahi diona.

Sinergiak eta adimen artifiziala. 
2020aren balorazioa positiboa bada ere, pandemiak bat-batean irauli zituen aurreikusitako plan eta lehentasun guztiak, eta 2021ean horiei berriz heltzeko momentua da. Hala, erronka handietako bat izango da TOKIKOM barruko komunikabideen artean sarea egiten jarraitzea. Pandemiak erakutsi digun gauzetako bat, gertuko sarearen garrantzia da: elkarrekin aurre egin behar diegula erronka globalei eta egoera berrietara egokitzeko malgutasuna dela gako. TOKIKOMek bere sorreratik izan du toki komunikabideen arteko sinergiak aprobetxatzea langai, baina orain are gehiago, txikiaren malgutasunetik, elkarrekin lan eginez.

Bestalde, TOKIKOMek adimen artifizialaren eremuan sakondu nahi du 2021ean, eta gertutik aztertu hartan oinarritutako teknologiek, eta hain bogan dagoen Industria 4.0 kontzeptuak zer abantaila eta erronka ekar dezaketen euskarazko komunikabideen esparrura. Hala, alde batetik martxan dituen zerbitzuetan txertatuko ditu azken urteetan hizkuntzaren prozesamenduarekin lotutako garapen informatikoak, eta bestetik, komunikabideen azken hartzaileen fidelizaziorako estrategiak garatzen hasi nahi du, publikoa hobeto ezagutzeko eta bere beharrak modu egokiagoan asetu ahal izateko.

Presidente berria. Azkenik, presidente berria ere aukeratu du TOKIKOMek. Jone Guenetxeak, Durangaldeko Anboto astekaria eta orainkariaren zuzendariak, 2017an hartu zuen ardura, Urko Aristiren ordez, eta lau urteren ondoren lekukoa pasatzeko garaia dela iruditu zaio. “Lau urteotan sektorearen eta tokiko sarearen ikuspuntu osoagoa izateko aukera paregabea izan dut. Urte hauetan, aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu elkarrekin: hor dago, esaterako, Hekimenekin eta EAEko erakundeekin landutako diru-laguntzen marko berria. Era berean, TOKIKOM osatzen dugun hedabideon taldeak geroz eta kohesio handiagoa duela esango nuke, eta hori denon lanari esker izan da”.

Guenetxeak azken urte honetako balorazioa ere egin du: “Sektore guztietan legez, pandemiak gure egunerokotasunean eragin zuzena izan du. Alde ekonomikotik, egoera kezkagarria da. Hala ere, gure komunitateak kalitatezko informazioa behar duen sasoi honetan, gure lana inoiz baino garrantzitsuagoa dela ikusi dugu. Konfinamenduko eta horren osteko audientzia datuek erakusten dute krisi sasoian herritarrek tokiko informazioa ezagutu gura dutela. Zero kilometroa gara, eta herritarrek horixe eskatu dute”.

Guenetxeak urteotan emandako beste aurrerapauso bat azpimarratu du. “Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanak estutzea lortu dugula nabarmenduko nuke. Elkarlanean, Bizkaiko euskarazko tokiko hedabideak indartzeko pausoak ematen hasi gara eta hori albiste pozgarria da”.

Joneren Guenetxearen lekukoa Iban Arantzabalek jaso du. Iban pertsona ezaguna da euskarazko komunikabideen alorrean, eta TOKIKOMen sorreratik oso aktibo dabil taldea dinamizatu eta ordezkatzeko lanetan. Arantzabalek esan duenez: “Uste dut ez dela zaila izango TOKIKOMen aro berri honetan ardura berri hau. Ez kargu honek ez duelako zailtasunik, baizik eta TOKIKOM osatzen duten hedabideetan talde humano bikaina dagoelako, presidentzia hau baino askoz ere inportanteagoa den talde-giro profesionala. Administrazio kontseilutik hasita, norabide adostuarekin dihardu lanean TOKIKOMek, eta hedabideoi akuilua sartzen digun hiruko lantaldearekin badago kapazitatea nabarmenduko diren pausoak emateko. Antzerako beharrak eta antzerako erronkak ditugu mahai gainean herri eta eskualdeetako hedabideok, eta badakigu batuta garela eraginkorragoak norbere egitekoetan. Gainera, horrela bakarrik izango gara kapazak denborek eskatzen duten azkartasunez aukera berriei erantzuteko.

2021ean bertan badugu nahikoa zeregin: Itun berria sinatzea nahi genuke Eusko Jaurlaritza eta Aldundiekin. Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan gaude, eta proposamenak lantzen ari gara bertako bazkideekin batera. Bestalde, Udaletako laguntzen garrantziaz jabearazi oraindik konturatu ez dena, herriz herriko komertzioarekin elkarlanean jardun eta zerbitzu berriak eskaini. Gure ikus-entzule eta irakurlea mimatu nahi dugu erdigunean jarriz eta mundu aldakor hau irakurtzeko testuingurua eman kazetaritza zintzoa eginez: sinesgarri, gertuko, denentzako eta euskaldun. Esku bete lan daukagu hurrengo hiru urteetan. Arduraz, baina TOKIKOMen lantalde on bat dagoela sinetsita hartzen dut lekukoa; ez litzateke txarra aurreko presidenteak egindako beste lan eginda uztea TOKIKOM indartsu bat, lantalde honek egingo du”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak