Sareak

☉ Basauri

Basauriko ostalariek bigarren manifestazio bat deitu dute bihar, diru-laguntzak “bizkorrago” ordain ditzaten eskatzeko

Ostalaritza Erresistentzia Basauri plataforma eratu dute herriko hainbat ostalarik. Basaurin 225 taberna inguru daude eta orain arte ehundik gora taberna batu dira plataformara. 

|

Azaroan manifestazio jendetsua deitu zuten Basauriko ostalariek // Geuria

Basauriko ostalariek manifestazioa deitu dute bihar, abenduak 11. Besteak beste, erakunde publikoek agintzen dituzten diru-laguntzak “bizkorrago” kobratzea eskatzen dute: “Apirileko laguntzak kobratzen hasi gara orain, gure negozioak lehen aldiz itxi eta zortzi hilabetera. Laguntza horiek ostalari denok lehenbailehen kobratzea eskatzen dugu. Bizkortasun handiagoa eskatzen dugu laguntzak kobratzean. Gure negozioetatik eratorritako zergak osorik ordaindu ditugu, inolako diru-sarrerarik izan gabe. Familia asko zuzenean edo zeharka bizi gara sektore honetatik”, diote Ostalaritza Erresistentzia Basauri plataformako kideek. Basaurin 225 taberna inguru daude eta orain arte ehundik gora taberna batu dira plataformara. 

“Laguntza zuzenak eskatzen ditugu herriko ostalari guztientzat, inolako baheketarik egin gabe. Hau da, edozein erakunde publikorekin, Udalarekin, Gizarte Segurantzarekin edo Ogasunarekin zorren bat duten guztiek eskuratu ahal izango dituztela eskatzen dugu. Erakunde publikoei dirua zor zaien kasu berezi horietan, laguntza horiek zorren kobrantza osoa edo partziala arintzea iradokitzen dugu”, diote ostalariek: “Erakunde publikoek ostalaritza-sektorearentzako laguntza zuzenak emateko asmorik ez dute. Beste udalerri batzuetan proposatutako laguntzak alderatu ahal izan ditugu, eta esan dezakegu Udal hau izan dela malgutasun gutxien izan duena ostalariekin”. Gainera, kobratu diren terrazen tasak “berehala itzultzea” eta etorkizuneko alarma-egoeretan tasa horiek jaistea eskatzen dute, baita datorren urteari begira zabor eta estolderia tasan beherapenak edo hobariak ematea ere.

Manifestazioa abenduaren 11n izango da Soloarte parketik, 19:00etan hasita. “Ostalari eta hornitzaileak batuko gara. Ibilgailu eta kamioien karabana izango da manifestazioaren buru, eta ondoren ostalariak eta herritarrak izango gara”, diote. Hornitzaileen ibilgailuak eta kamioiak Mercabilbaotik irtengo dira. Basauri Merkatari Elkarteak eta Basauriko EH Bilduk bat egin dute manifestazioarekin.

Milioi bat inguruko inbertsioa

Basauriko Udaletik adierazi dutenez, milioi bat euro inguruko inbertsioa bideratu du merkataritza, ostalaritza, enpresa txiki eta autonomoak laguntzeko: “Badakigu ez dela diru nahikoa galera guztiak arintzeko, baina Udalaren egoera ekonomikoa zaila denez, eta laguntza publikoak behar dituen udalerriko kolektibo bakarra ez denez, ahalegin handia eskatzen diote udal kutxari”, diote udal ordezkariek. Milioi horretatik zati bat ordaindu dutela adierazi du Udalak. “Etorkizunari begira, Udalaren ahalmen ekonomikoaren barruan, balizko ekintza berriak planteatzen jarraituko dugu, beste erakunde batzuetatik jasotzen ari direnekin batera, aurrera egiten lagunduko dietenak”. Ildo horretan, udal gobernu taldearen 2021eko udal-aurrekontuaren proposamenean Merkataritza eta Ekonomia Sustapenaren arloko partida ekonomikoa 207.000 euroan handitu da.

Laguntza zuzenen inguruan honakoa dio Udalak: “Udalaren laguntza zuzenak beste Udal eta erakunde batzuenak bezain zuzenak eta malguak dira. Horietan guztietan, ezinbestekoa da establezimenduak zorrak egunean izatea diru-laguntza jaso ahal izateko. Horrela araututa dago Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrean. Zuzenekoak izateak ez du esan nahi erakundeek kontrolik egin behar ez dutenik. Adibidez, ez litzateke legezkoa izango langileen Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean ez dagoen establezimendu batek laguntza publiko bat jasotzea, eta Udal honek, nola ez, legea bete behar du eta bete nahi du”.

Terrazen tasei dagokienez, Udaletik diote 13 tabernari kobratu dietela osorik, baina “irekita egon ez diren bitarte horren zati proportzionala” itzuliko dietela esan dute. “Terrazen tasa ez da kobratuko berriz ere jarduerarik gabeko aldi gehiago egonez gero”, diote udal ordezkariek. Ildo berean, aparkalekuen espazioan terrazak jartzearen proposamena aztertzen ari da Udala: “Eskaera hori baloratzen ari gara, zentzuz eta kasuz kasu, Basaurin herritar guztiek uste baitute aparkalekurik eza dela arazo nagusia”.

☉ Basauri

Argazkiak / Rocio Jaia antolatu dute Basaurin, San Faustin erara

|

San Faustin kuadrillak Rocio Jaia ekarri du gaur Basaurira. Bertín Osborne, Isabel Pantoja eta bere seme Paquirrín, Albako dukesa, Rocio Jurado, María del Monte, Joaquín eta Tío Pepe bezalako pertsonaiak izan dira protagonista nagusiak. Era berean, lasterketak, zaldiak, ermandadeak, rocieroak eta prozesio honetako elementu guztiak izan dira, Rocio ermita bera barne.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Alex Garcia Galasen familia laguntzeko 11.245 euro lortu dituzte Basaurin

Basauriko tabernetan Basozelaiko Auzo Elkarteak jarritako itsulapiko solidarioak ekainera arte mantenduko dituzte, eta San Juan jaietan diru hori emango diote Alexen familiari

|

Alex Garcia Galasen ama, Basauriko alkatearekin eta Basozelai Auzo Elkarteko ordezkariekin // Basauriko Udala

Alex Garcia Galas basauriarraren familia laguntzeko 11.245 euro bildu dituzte Basaurin. Basozelaiko El Maño Auzo Elkarteak asteburu solidarioa antolatu zuen apirila bukaeran eta jaialdi horretan bildutako dirua eman diote gaur Alexen familiari; zehazki, Tere Galas bere amari.

“Oso eskertuta nago gure herriari, eta oso hunkituta ikusita zelan irauli den Basauri Alex eta gu laguntzeko”, adierazi du Terek. Alex Thailandian ospitaleratuta egon zen bitartean senideek maileguak eskatu behar izan dituzte tratamentu medikuak ordaintzeko. “Jaso dugun dirua mailegu horiek ordaintzeko erabiliko dugu”, dio.

Alex pankreatitisak jota gaixotu zen otsailean Thailandian eta apirilaren 21era arte Bangkokeko ospitale batean izan zen. Orduan Gurutzetako ospitalera lekualdatu zuten, Espainiako Gobernuaren laguntzarekin.

Itsulapikoak saltokietan

Asteburu solidarioaz gain, Basozelaiko Auzo Elkarteak itsulapikoak jarri ditu Basauriko hainbat saltokitan eta tabernatan. Guztira, 80 itsulapiko.

“Ekitaldi solidario horiek antolatu aurretik, 80 itsulapiko inguru banatu genituen hainbat denda eta ostalaritza-establezimendutan, Alexentzat diru gehiago biltzeko. Diru hori Basozelaiko San Juan jaietan emango diogu familiari, itsulapikoak aste batzuk gehiago jarrita mantenduko ditugulako”, azaldu dute Jonatan Merinerok, Gorka del Riok, Esther Pérezek eta Angel Muñozek, Basozelaiko Auzo Elkarteko ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Rocio Jaia ekarriko du San Faustin kuadrillak Basauriko kaleetara

Maiatzaren 18an, larunbatez, egingo du Rocio Jaia San Faustin kuadrillak Basaurin. Guztira 70 lagunek hartuko dute parte “parodia paregabean”

|

Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea egin zuen San Faustinek Basaurin // Geuria

San Faustin lotsagabe kuadrilla berriro aterako da Basauriko kaleetara, edo eurek esaten duten bezala, “Dos Caminoseko kaleetara”. Iaz Charles III.aren eta Camillaren koroatzea antzeztu zuten, eta aurten Rocio Jaia egingo dute maiatzaren 18an, larunbatez.

“Parodioa paregabea” egingo dutela diote: “Umorez beteriko ekitaldi paregabe batean, Bizkaiko herri xarmagarri eta turistiko honetako biztanleak Andaluziako ospakizun ikoniko honen berrinterpretazio barregarri baten lekuko izango dira”, diote.

Rocio jaia 12:30ean hasiko dute Arizgoitiko plazan eta oinezkoen kaleetatik (herriko euren lekurik gogokoena) zenbait geldialdi egingo dituzte: “Lasterketak, zaldiak, ermandadeak, rocieroak eta prozesio honetako elementu guztiak izango dira, Rocio ermita bera barne”.

“Farandulak ere parte hartuko du ekitaldian: Bertín Osborne, Isabel Pantoja eta bere seme Paquirrín, Albako dukesa, Rocio Jurado, María del Monte, Joaquín, Tío Pepe…”, diote. Guztira 70 lagunek parte hartuko dute erromeria honetan.

Akais taldearen kontzertua

San Isidro plazan bazkaria antolatu du San Faustinek Rocio jaian parte hartuko dutenekin. Eta, 18:00etan Akais taldearen kontzertua antolatu dute Begoñako Andra Mari kalean.

“Kultur aniztasuna ospatu nahi dugu, eta, aldi berean, dibertimendua eta barrea eragin. Rocio Jaia ekitaldi bikaina da eta gure parodia maitasunez eta umore onez beteta egongo da, non gure Dos Caminos maiteko herritar guztiek gozatzea espero dugun”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko dituzte, Basaurin

Lanak maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, litekeena da plazaren zati bat lehenago erabiltzen hastea”, diote udal ordezkariek

|

Obrak hasteko prestaketa lanak hasi zituzten duela egun batzuk // Geuria

Hemendik urtebetera San Fausto plaza, Trintxera ezizenez ezagunagoa, guztiz berrituta ikusiko dute basauriarrek. Hain zuzen ere, plaza berria eraikitzeko lanak aste honetan hasiko diztuzte, eta 12 hilabeteko epean bukatuko dituzte. “Hala ere, plazaren zati bat epe hori baino lehen erabiltzen hastea aurreikusten dugu”, diote udal ordezkariek.

Obrek ez dute eraginik izango egungo plazaren parterreko zuhaiztian, eta argiteria publikoa, hiri-altzariak eta zoladura guztiak berrituko dituzte.

Ingurunean integratutako harmaila bat eta berdegune zabalak izango ditu plazak, herritarrek duela bi urte bozketa bidez hala erabita.

“Plataforma berri bat eraikiko da, lotuko dituena Arizgoiti plazako bizitegi-eraikin berria, gaur egungo zubia eta Autonomia kalea, kalearen pare geratuko den plaza bat sortzeko”, diote.

San Fausto plaza berriak itxura hau izango du, Social Antzokitik ikusita // Basauriko Udala

Era berean, Florian Tolosa, Autonomia, Arizgoiti plaza eta San Fausto plaza beraren arteko konexioa hobetuko dituzte. “Konfigurazio berriari esker, oinez eta ibilgailuz iritsi ahal izango da plazaren ondoko etxebizitzetara, alboko kaleen arteko kota-diferentziak gaindituta”, diote.

“San Fausto Plaza berriak bi xede nagusi izango ditu: basauritarrek aisiaz gozatzeko eta lasai egoteko leku atsegin bat edukitzea, eta erabilera sozialetarako espazio bat sortzea, ekitaldi herrikoiak, kulturalak edota kirol-arlokoak egiteko”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Emakumeen Champions Leagueko kopa Basauriko Artunduaga kiroldegian dago gaur eta bihar

|

Maiatzaren 14an eta 15ean ikus daiteke gertutik UEFA Women's Champions Leagueko kopa Artunduagako kiroldegian // Argazkiak: Basauriko Udala

UEFA Women’s Champions League txapelketako finala jokatuko dute maiatzaren 25ean Bilboko San Mamesen Bartzelonak eta Olymplique Lyonek.

Finaleko kopa Bizkaiko hainbat udalerritan izango da ikusgai, “herritarrek garaikurraren argazki bat egin ahal izan dezaten, baita emakumezkoen kirolari babesa adierazteko ere, kasu honetan, futbola protagonista dela”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Basaurin soilik ikus daiteke UEFA Women’s Champions Leagueko kopa: gaur (maiatzak 14) eta bihar (maiatzak 15) Artunduaga kiroldegiko futbol zelaiaren gradetan jarri dute. Kopa ikusteko ordutegia da 09:00etatik 21:00etara.

Osorik irakurri