Sareak

☉ Basauri

Basaurin haur baten ustezko bahiketa ikertzen jarraitzen du Segurtasun Sailak

|

Segurtasun Sailak GEURIAri adierazi dionez, oraindik ere kasua ikertzen ari dira // Geuria

Joan den asteburuan Basaurin hiru urteko haur bat bahitzen saiatu ziren ala ez ikertzen jarraitzen du Ertzaintzak. Gertaera azaroaren 13an, larunbatez, jazo zen Basozelaiko Zortziko plazan. Umearen amak Ertzaintzan salaketa jarri zuen egunean bertan, baita sare sozialetan horren berri eman ere.

Oihartzun handia izan du ustezko gertaerak. Segurtasun Sailak GEURIAri adierazi dionez, oraindik ere kasua ikertzen ari dira. Astelehenean “kasu isolatua” dela adierazi zioten GEURIAri.

Lapurreta saiaketa Kareagan

Bestetik, azaroaren 16ko arratsaldean lapurreta saiaketa egon zen Basaurin, Kareaga Goikoa kaleko bitxidenda batean. Ustezko lapurra dendara sartu zen pistola batekin, eta bitxidendako jabeak lapurreta egitea saihestea lortu zuen. Segurtasun Sailak GEURIAri adierazi dio “ikerketa irekita” dagoela, eta momentuz ez dutela inor atxilotu.

☉ Basauri

Basauriko Langileen Batzordeak “haserre eta gutxietsita” dagoela salatu du

Martxoan hasi zituzten mobilizazioak: langile falta dagoela salatu dute eta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute

|

Apirileko osoko bilkuran agerraldia egin zuten Basauriko udal langileek // Basauriko Langileen Batzordea

Basauriko udal langileak protestan jarraitzen dute. Martxoan hasi zituzten mobilizazioak eta oraindik Udalak konponbidetik ez duela eman salatu dute.

Langile falta dagoela salatu dute: “Ingeniaria falta da, aparejadoreak falta dira, zerbitzu-zaintzaileak falta dira, gizarte-laguntzako langileak falta dira, gidariak falta dira, langileburuak falta dira, ingurumen-arloko langileak falta dira, administrariak falta dira, peoiak falta dira eta poliziak falta dira”, diote eta gaineratu dute: “Horrela ezinezkoa da lan egitea”.

“Sail desberdinetako desokupazio-mailak oso larriak dira, LPZko (Lanpostu Zerrenda) 60 plaza baino gehiago hutsik baitaude”, salatu dute.

Langile falta horrek “lan-karga handiegia” eragiten diela adierazi dute: “Eta horrek, gatazkak eta giro txarra sortzen ditu, arrisku psikosozialen azterketek aitortzen duten bezala”.

2026an mobilizazio gehiago

“Asier Iragorri Basagurenen lidergo eta ekimen faltak Basauriko Udaleko langileen egoera inoiz bizi izan ez dituen une kritikoak bizi ditu”, salatu du Langileen Batzordeak.

Eta arazo nagusiak erabakiak hartzeko “ekimenik eza” direla adierazi dute: “Edozein erabaki txiki Asier Iragorri Basagurenetik pasatzen da, eta bidegabeko oztopo bihurtzen da; absentziak eta lanpostu hutsak sortzen dira, eta ez dira modu arin eta ordenatuan betetzen, lehen deskribatutako egoera eraginez”.

“Sail batzuk blokeatuta daude langilerik ez dagoelako, eta herritarrei oso zerbitzu txarra ematen diete. Adibide gisa, duela hilabete batzuk salatu genuen ez zegoela zerbitzuzaintzailerik, alkateak ezer egin gabe jarraitzen du, eta, bitartean, enpresek nahi bezala lan egiten jarraitzen dute, Udalak inolako kontrolik egin gabe, basauriarren dirua xahutzen”, salatu dute.

Era berean, Giza Baliabideen arloa “kolapsatuta” dagoela esan dute: “Eragozpen teknikoak planteatzen ari dira, eta horiei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, halakorik badago. Adibidez, pertsonak Lanbideren bidez kontratatzea eragozten da, biltzea eragozten da eta jakinaraztea eragozten da, adibide batzuk jartzearren”.

“Asier Iragorri Basaguren ez da langileen aldarrikapenak konpontzeko gai, telelana, karrera profesionala eta belaunaldien arteko errelebo-plana bezalako legeak ez betetzearen ildoan jarraitzen du, eta 2025. urte osoan langileak haserre eta gutxietsita mantendu ditu”, adierazi dute.

Ildo horretan, 2026an zehar mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu du Langileen Batzordeak, “harik eta komunikazio honetan aipatutako langileen artean konpondu gabe dauden gai guztiak konpondu arte”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan Euskararen Naziorteko Egunean

|

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko ikasleak kalera atera dira kantuan. Basozelai auzoan egin dugu topo eurekin!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Gatibuko Alex Sardui eta Mirua taldeko Maitane Iruiñ Basauriko Musika Eskolaren ekitaldian izan dira

Basauriko Musika Eskolak emanaldia eta hitzaldi musikatua antolatu du gaur Social Antzokian Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, Basauriko Musika Eskolak urteroko emanaldia antolatu du gaur, abenduak 2, Social Antzokian. Ikasleen kontzertuak izateaz gain, Alex Sardui (Gatibu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) musikari eta abeslariek hitzaldi musikatua eskaini dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Pentsiodun Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira Basauriko Renfeko geltokian, C3 linean irisgarritasuna eskatzeko

Eskualdean 118 pertsona elkartu dira gaur egungo irisgarritasun arazoak salatzeko: 54 Basaurin eta 64 Ugaon

|

Pentsiodunen Mugimenduko kideak, Basauritik egindako manifestazioan // Pentsiodunen Mugimendua

Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduko 54 pertsona elkartu dira joan den abenduaren 1ean, Basauriko Bidebieta tren geltokian, 12:00etan. Helburua Renfeko C3 linean irisgarritasuna aldarrikatzea izan da mugikortasun urriko pertsonentzat.

Basauriko elkarretaratzeaz gainera, Ugaon, Bilbon, Urduñan eta Amurrion ere elkartu dira gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Guztira 150 pertsona inguru elkartu dira Renfeko C3 lineako geltokietan, egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. Eskualdean 118 pertsona elkartu dira: 54 Basaurin eta 64 Ugaon.

“Gaur, abenduak 1, desgaitasunaren egunerako bi egun baino ez direnean falta, hemen gaude garraiobide publiko, jasangarri eta irisgarri baterako dugun eskubidea eskatzeko”, azaldu dute Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileek. “Pertsona guztientzako aukera-berdintasunerako neurriak bultzatzeak ezabatu egin beharko luke desgaitasuna duten pertsonen presentzia integrala eragozten duen guztia. Adibide moduan: Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”.

Erabiltzaile bat, C3 lineako tren batera igotzen // Geuria

Pentsiodunen mugimenduko bozeramaileen arabera, linea horiek, “kasu guztietan, irizgaitzak dira” mugikortasun urriko pertsonentzat. “Kasu batzuetan, geltokiak ez daudelako egokitu edo trenetara ezin delako sartu ibiltokiaren eta trenaren arteko distantzia luzea dela eta”.

Pentsiodunen Mugimendua: “Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”

Pentsiodunen mugimendutik Renfeko C3 lineako trenen egoera goraipatu dute, tren motagatik alde batetik, eta horietara iristeko dauden arazoengatik, bestetik. “Oso zaila baita gende askorentzat trenetara sartzea: makila, makulu, haurren orgatxo dituzten familientzat eta, batez ere, gurpildun aulkietan dauden pertsonentzat”, kexatu dira pentsiodunen mugimendutik. “gure ezinegona helarazi nahi dizuegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta eskumea duen erakunde orori eskatzen dizuegu badela garaia trenetan, nasetan eta sarbideetan egokitze-lanak egiteko, edonork zerbitzu publiko hau edo beste edozein zerbitzu erabil dezan. Eta haiek zer egin pentsatzen duten bitartean, Madrilera, Valentziara edo Valladolidera joan ahal izango gara baina ezingo gara Muskizera, Urduña edo Barakaldora joan”.

Renfeko C3 lineak eta bertako trenen egoerak oihartzuna izan du azken boladan Hego Uriben, eta eskualdetik igarotzen diren trenen eta horien irisgarritasun arazoak aztertu ditugu sakonean GEURIAn.

Osorik irakurri

☉ Basauri

2026ko aurrekontua onartu du Basaurik, soilik gobernu taldearen aldeko babesarekin

Oposizioaren zenbait zuzenketa onartu ditu gobernu taldeak. EH Bilduk abstentziora jo du eta Elkarrekin Podemosek eta PPk kontran bozkatu dute

|

Azaroko osoko bilkura Basaurin // Basauriko Udala, Youtube

Basaurik 2026ko aurrekontua onartu zuen azaroko osoko bilkuran. Guztira, 68,8 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, aurten baino 3 milioi gehiago (% 4,6 gehiago).

Gobernu taldearen (EAJ-PSE) aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosen eta PPren kontrako botoekin onetsi zuten 2026ko aurrekontua.

Eta, oposizioak aurkeztutako zenbait zuzenketa txertatu dituzte. “Oposizioak beren zuzenketak aurkeztu ditu, eta uste dugu borondatearekin beti akordioak lor daitezkeela. Eskerrik asko guztioi basauriarren beharren eta lehentasunen alde batu eta adosteagatik”, esan zuen Asier Iragorri alkateak osoko bilkuran.

EH Bilduk sei zuzenketa aurkeztu zituen eta horietatik hiru adostu dituzte gobernu taldearekin: Basauri-Bolueta bidegorriaren ondoan dagoen aparkalekua berrurbanizatzeko proiektua; Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institututan barne-igogailu bat eraikitzeari buruzko azterlana; eta babesleku klimatikoen mapa sortzea, identifikatzea eta zabaltzea.

“Pozik hartu dugu gobernu taldearen jarrera aldaketa, hainbat urtez oposizioaren zuzenketak onartzeari uko egin ostean”, adierazi zuen Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak.

Ildo horretan, abstentziora jotzeko erabakia hartu zuen koalizio soberanistak: “Are gehiago, planteatutako inbertsio nagusiak (haurreskola berria eta hiri-baratzeak) bi mozio desberdinetan proposatu genituenean”, esan zuen Arrietak.

Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa bat eta dozena bat zuzenketa partzial aurkeztu zituen, eta gobernu taldearekin batera bi emendakin adostu dituzte: lehenengoa, erkidegoentzako energia-aholkularitzako leihatila bakarra sortzea; eta bigarrena, EH Bildurekin batera hitzartuta, Kareagako ikastetxean eta Lanbide Heziketako institutuan igogailu bat jartzea.

“Aurten, legegintzaldi honetan lehen aldiz, oposizioaren proposamenak entzuteko eta baloratzeko gobernu taldeak izan duen prestutasuna eskertzen dugu”, esan zuen Marian Cantero Elkarrekin Podemoseko zinegotziak.

PPk osoko zuzenketa bat aurkeztu zuen, gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu-proiektua “erabat” arbuiatzen zutela argudiatuz: “Gure udalerriaren benetako beharretara hobeto egokitzen den aurrekontu berria egitea eskatzen dugu”, esan zuen Edu Rodriguez Alderdi Popularreko zinegotziak.

Inbertsio ahalmena, eztabadagai

Inbertsioetara 2,7 milioi euro bideratuko ditu Udalak 2026an. Eta, inbertsioen arten bi narbamendu ditu gobernu taldeak. Alde batetik, haurreskola berria eraikitzea eta bestetik, hiri-ortuak sortzea.

Martxoan aurreratu bezalahaurreskola berria eraikiko dute herrian, Arizko Ikastolaren ondoan dagoen berdegune batean. Basauriko hirugarren haurreskola publikoa izango da, Basozelaikoaz eta San Migelekoaz gain. Gutxienez 42 plaza izango ditu eta 0-1 eta 1-2 urte bitartekoentzako lau gela izango ditu. 2026ko aurrekontuan milioi bat bideratuko du Basauriko Udalak haurreskola eraikitzeko.

Hiri-ortuei dagokienez, Iruaretxeta parkean jarriko du martxan proiektua Udalak datorren urtean. Aurreikuspenen arabera, 80 ortu inguru egokituko dituzte, bakoitza 35 eta 40 metro karratu arteko azalerarekin. Udalak 400.000 euro gordeko ditu aurrekontuan hiri-ortuak sortzeko.

Oposizioak Basauriko gobernu taldearen inbertsio ahalmena kritikatu zuen. Alderdi Popularreko kidearen arabera, “aurrekontuko 100 eurotik 4 euro bakarrik erabiltzen dira Basaurirako proiektu berriak hobetzeko edo finantzatzeko; gainerakoa gastu arruntetarako, burokraziarako eta programa kontinuistetarako erabiltzen da, eta horrek ikuspegi estrategikorik eza adierazten du”, esan zuen Rodriguezek.

Canterok uste du bi proiektu horiek ez direla inbersio erreal batzuen proposamena: “Benetako inbertsioak aurkezteko geldikinaren kopuru osoa jakin arte itxaroten ari da gobernu taldea, eta une horrek ez dio oposizioari aukerarik ematen gure herriarentzako hobekuntza-ideiak berriro azaltzeko”.

Arrietak amaierako diagnostiko bat egin zuen bere hitzartean: “Aurrekontuari buruz oro har egiten dugun azken diagnostikoa da kontratu eta gastu arrunten kontinuismoa argia dela, gastu handiak dituzten partida oso handiak, etorkizuneko jarduerak, finantza-marjina txikia eta inbertsioak ez gauzatzeko arriskua”.

Asier Iragorri alkateak adierazi zuenez, “aurrekontu honen helburua zerbitzu publikoak zaintzea da, eta gure bizilagunen bizitza hobetzen duten politikak aplikatuz, aukera-berdintasuna guztiontzat errealitate izan dadin laguntzen du”.

Osorik irakurri