Sareak

☉ Galdakao

Artetagana eta Upo Tontorrandi ibilbideak seinaleztatu dituzte Ganguren Mendi Taldeak eta Udalak

|

// Galdakaoko Udala

Artetagana eta Upo Tontorrandi ibilbideak seinaleztatu dituzte Ganguren Mendi Taldeak eta Galdakaoko Udalak elkarlanean. Ibilbide zirkularrak dira biak, “Upo gailurrera hurbildu eta Galdakao ezezagunena bisitatzeko”.

Bi ibilbideen xehetasun guztiak (informazio guztia, mapak eta bideak) gangurenmt.net webgunean kontsulta daitezke. Gainera, Galdakaoko Udalak eta Ganguren MTk partekatzen duten Wikiloc kontutik jaitsi daitezke ibilbideen trackak, bai ibilbide berriak bai aurretik seinaleztatutakoak. Laburbilduta, hauek lirateke Artetagana eta Upo Tontorrandi ibilbideak:

– Artetagana ibilbidea (15,2 km): Plazakoetxetik abiatuta, Artetagana ibilbidea Zuhatzurantz doa eta trenbidea zeharkatu ostean Arkotxa auzora hurbiltzen da. Maxameko (antzinako Dinamita) hesiaren pareko bidezidorra jarraituz, Zaratamoko Makatzaga inguru ederrera iristen da eta Otzagaraiko leporaino jarraitzen du. Hortik, ibilbidea Azaolako euskal labera hurbiltzen da lehenik, Dinamitako hesiaren ondoan dagoena, eta, ondoren, Arteta auzora doa. Bertan dago Santantoitxikerra baseliza. Jarraian Basozabal auzotik igaro eta Bekearaino jaisten da, Abusutik abiapuntura itzuliz.

– Upo Tontorrandi ibilbidea (12,6km): 1932an eraikitako presaren ondoan dagoen Lekuebasoko atsedenlekutik abiatuta, Upo Tontorrandi ibilbidea benetako mendi ibilbide gisa aurkezten zaigu. Azaolako euskal labearen ondotik igaro ondoren (XI-XIII mende artekoa), Otzagaraiko lepora iristen da, eta handik udalerriko gailurrik garaienetako batera igotzen da, Upoko tontorrera.

Ibilbidea pagaditik jaisten da Upoko Pagadiko atsedenlekura, eta Idurietagana, Argistegana eta Tontorrandi mendiek osatzen duten mendilerroa zeharkatu ostean, Irumugarrietako lepora heltzen da, Bedia, Galdakao eta Zeberio mugatzen diren bidegurutzera. Ibaiaren ondoko bidezidor malkartsu batetik jaisten da jarraian eta 1898an Adan de Yarzak landatutako hiru pinuen ondotik igaro ondoren abiapuntura itzultzen da, bidean ur sulfurosodun Lekuebasoko iturri ondotik igaroz.

Plazakoetxen, Bekean eta Lekubason informazio panelak jarri ditu Udalak. Halaber, zurezko 27 zutoin; 65 norabide-gezi; errepideko bidegurutzeetan ohartarazteko eremuak eta informazio-plakak; eta 39,3 km-ko ibilbidea koloretako zirkuituekin publikatu du Udalak.

Ekimen honen asmoa da ibilbide osasungarriak diseinatzea eta egokitzea (Gobernu Planaren 29. puntua). Aurretik beste hiru ibilbide eta 12 ibilbide-lotura seinalizatu dituzte Gangurenen eta Udalak: Kukuzburu ibilbidea (10,9 km), Ganguren ibilbidea (14,9 km) eta Gangureneko zeharkaldia (18,4 km).

☉ Galdakao

Kepa Iribar Elizegiren ‘Erleen azken ziztada’ liburua aztertuko du Leiduk martxoko hitzorduan

|

Martxoaren 9an batuko da Leidu Irakurle Taldea // 111Akademia + Erein

Galdakaoko Leidu Irakurketa Taldeak martxoko hitzordua zehaztu du: hilaren 9an, astelehenez, batuko dira Peña Santa Cruz elkartearen lokalean 18:30ean.

Kepa Iribar Elizegi idazlearen ‘Erleen azken ziztada’ liburua aztertu eta komentatuko dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Korrikako abestien karaokea antolatu dute biharko Barikupasan Galdakaon

Otsailaren 27an, ostiralez, izango da tailerra Urreta eskolako arkupean. Parte hartu nahi duten familiek izena eman behar dute, doan

|

Urreta ikastetxeko arkupean izango da biharko Barikupasa // Galdakaoko Udala

Martxoaren 27an igaroko da 24. Korrika Hego Uribe eskuldetik [hemen eskualdeko ibilbidea eta ordutegia], baina lekukoa iritsi aurretik, Galdakaon ekitaldi berezia antolatu dute Barikupasa dinamikaren barruan.

Zehazki, Korrikaren historian zehar izan diren abestien karaokea prestatu dute. Otsailaren 27an izango da Urreta ikastetxeko arkupean 17:15etik 18:15era.

“1980. urteko lehen edizioko abestitik hasi eta Akelarre, Egan, Oskorri, Tapia eta Leturia, Kepa Junkera, Joxe Ripiau, Fermin Muguruza, Mikel Laboa eta Ruper Ordorika, Afrika, Niko Etxart, Betagarri, Gose, Esne Beltza eta Anariren abestiak kantatuko ditugu, besteak beste. Zetak talde nafarraren Xiberutik Mendebaldera kantua ere abestuko dugu, azken edizioa iragartzeko kanta”, diote antolatzaileek. Sandra Fernandez kantariak aurkeztuko du saioa.

Aurreko saioak bezala, Barikupasa ekimena doakoa da, baina familiek aldez aurretik izena eman behar dute online galdetegiaren bidez.

Otsaileko Barikupasa Bagabiz elkarteak, Argizai Eskaut Taldeak, Ludotekak, AEKk eta Galdakaoko Udalak antolatu dute elkarlanean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko gazteek ingurumenaren eta animalien aldeko ‘Youth4change-Ekozaleak’ sarea osatu dute

Proiektuaren lehen urteko emaitzak aurkeztuko dituzte gaur, otsailak 26, Torrezabal Kultur Etxean egingo den ekitaldian

|

Zuhaitz landaketak egin zituzten iaz Galdakaoko zenbait puntutan // Youth4change-Ekozaleak

Youth4change-Ekozaleak proiektua martxan jarri zuen iaz Galdakaon Argizai Proiektuakek, Galdakaoko Udalaren eta Europar Batasunaren laguntzarekin.

Animalien ongizatean, ingurumenaren zaintzan eta 3R-ak —murriztu, berrerabili eta birziklatu— sustapenean oinarritutako gazteen partaidetza-proiektua da.

Ildo horretan, hezkuntza-jardueren, kontzientziazio-kanpainen eta proiektu iraunkorren bidez, gazteak, ingurunearekin duten harremanean ohitura ekologikoak eta praktika etikoak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzea bilatzen du.

“Horrela, planetaren babesarekin eta animalien eskubideekin konprometitutako gazteen sare bat eratzea espero da, tokiko mailan zein maila globalean eragin positiboa sortuz”, diote.

Iaz jarri zuten martxan proiektua eta emaitzak “pozteko eta ospatzeko modukoak” direla diote antolatzaileek. Proiektuan 15 eta 30 urte bitarteko 60 gazte inguruk hartu dute parte.

Besteak beste, zuhaitz landaketak egin zituzten Galdakaoko gune desberdinetan, hondartzak garbitzeko irteerak antolatu zituzten, eta animalien ongizateari buruzko solasaldiak eta kontzientziazio kanpainak burutu zituzten.

Aurkezpen ofiziala gaur

Gaur arratsaldean, 18:00etan, prozesu honen guztiaren itxiera eta ospakizun ekitaldia egingo dute Torrezabal Kultur Etxean.

Ekitaldi irekia izango da, eta esteka honetan eman dezakete izena interesa dutenek. Proiektua azaltzeaz gain, 2025ean egindako ekintzen aurkezpena egingo dute.

“Gainera, parte hartzaileei ‘Youthpass agiria’ banatuko diegu eta egindako lana txalotuko dugu”, diote.

Bukatzeko, etorkizun laburrean zer nolako ekintzak planifikatu ahal dituzten hausnarketa kolektiboa egingo dute. “Eta hori guztia mokadutxo goxo batekin lagunduta, noski!”, diote.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Gaztetxearen aldeko asteburua antolatu du Izetuk Galdakaon

|

Gaztetxearen aldeko asteburua antolatu du Izetu Gazte Asanbladak Galdakaon. Otsailaren 27an eta 28an prestatu dute egitaraua: mahai-ingurua, tailerrak, indaba-jana, bertso-saioa, trikipoteoa eta kontzertuak izango dira.

“Gaztetxearen aldeko aldarriak mahaigaineratuko doguz herrien. Denbora asko daroagu gaztetxe barik herrien eta ordue da gazteontzako espazio bat aldarrikatzeko”, diote Izetu Gazte Asanbladatik.

GEURIA Ander Uribarri Orbe eta Ainhize Alvarez Villamayor Izetuko kideekin elkartu da eta asteburuan prestatu dutena azaldu digute.

Atzera begira, Galdakaok Ortuondo Gaztetxea izan zuen 2012-2017 bitartean, eta 2019an, beste espazio berri bat okupatu zuten Galdakaoko Gazte Asanbladako kideek Muguru plazan. Azken horrekin aurrera egiterik ez zuten lortu, eta horregatik herriko hainbat gaztek sinadura bilketa jarri zuten martxan 2021ean.

Egitaraua | Gaztetxearen aldeko asteburua – Izetu

Otsailak 27, ostirala
19:00 Mahai-ingurua Zabalganeko gradetan: “Gaztxeak zertarako?”

Otsailak 28, larunbata
12:00 Serigrafia tailerra Santi Brouard plazan
15:00 Indabada Santi Brouard plazan
16:00 Bertsolariak: Txaber Altube eta Janire Arrizabalaga
18:00 Trikipoteoa: Merhezi
21:30 Kontzertuak Santi Brouard plazan: Mikosis + Ainke + DJ Izetu

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Death Kafe saio berria antolatuko dute otsailaren 26an Galdakaon, heriotzaz modu naturalean hitz egiteko

Hileko azken ostegunetan antolatuko dituzte Galdakaon heriotzaren inguruan modu naturalean hausnartu eta kezkak partekatzeko doako saioak

|

Emakume bat Arrigorriagako Landaederraga parkeko hilerrian // Geuria

Heriotzaz modu naturalean hitz egiteko espazio seguruak eskainiko ditu Galdakaoko Udalak.

Death Kafe izenez ezagunak, Zainduz programako lantaldeak, herriko osasun zentroko profesionalekin elkarlanean, heriotzaren inguruan modu naturalean hausnartu eta kezkak partekatzeko hitzorduak antolatuko dituzte hilabete bakoitzeko azken ostegunetan.

Hurrengo hitzordua otsailaren 26an izango da 17:30ean Medina’s tabernan (Bizkai kalea, 38).

Parte hartzea doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea 664 323 853 telefono zenbakira deituta edo idatzita.

Topaketak baina ez terapiak

“Death Cafeak beldurrei, zalantzei eta bizipen pertsonalei hitzak jartzea, eta bizitzaren parte den errealitate bat hobeto ulertzea proposatzen du”, diote antolatzaileek, eta gaineratu dute: “Aurreko saioetan parte hartu dutenek heriotzaz hitz egiteak, paradoxikoki, oraina biziago baloratzen laguntzen duela nabarmendu dute”.

Death Kafeak topaketak direla azpimarratu dute antolatzaileek: “Ez dira terapia saioak, ezta dolurako laguntza taldeak ere. Aitzitik, heriotzaren inguruan modu naturalean hausnartu eta kezkak partekatzeko espazioak dira, kafe baten bueltan eta elkarrekiko errespetuan eta konfidentzialtasunean oinarrituta”.

Ekimen hau Galdakao Zeugaz proiektu komunitarioaren baitan kokatzen da; ekimena Galdakaoko Udalak sustatzen du, Agirre Lehendakaria Centerekin, hainbat elkarte eta norbanaka parte hartzen ari diren herritarrekin elkarlanean, auzokideen artean zaintza, entzutea eta laguntza sareak indartzeko helburuarekin.

Osorik irakurri