Sareak

☉ Galdakao

Langabezian zeuden ehun herritar laneratuko ditu aurten Galdakaoko Udalak

Enplegu Planen barruan ehun herritarretik gora kontratatuko ditu aurten Galdakaoko Udalak. Guztira 2,1 milioi euro bideratu dituzte.

|

Argazkia: Galdakaoko Udala

Enplegu Planen barruan ehun herritarretik gora kontratatuko ditu aurten Galdakaoko Udalak. Urtarrilean 40 pertsona hasi dira lanean eta datozen hilabeteetan beste 66 pertsona kontratatuko dituzte. Besteak beste, konponketa-lanak eta margoketa-lanak egiteko, lurrak garbitzeko, muralak margotzeko edota agente zibikoen lana egiteko kontratatu dituzte 106 herritar. “Kontratazio hauek 2020ko bi Enplegu Planei dagozkie: bat arrunta, 40 pertsonari eragiten diena, eta bestea ezohikoa, beste 66 pertsonari eragiten diena, non 10 eskaintza gazteei zuzendutakoak izan diren”, dio José Luis Bernal Toki Garapen eta Enpleguko zinegotziak. Udalak eta Lanbidek 2,1 milioi euro bideratu dituzte Enplegu Planetarako: Udalak 1,8 milioi euro jarri ditu eta Lanbidek 242.000 euro. “Udal gisa, daukagun testuinguru sozioekonomikoan, bi helburu argi ezarri ditugu: batetik, udalerrian ditugun proiektuen eta enpresen bideragarritasuna bermatzea eta laguntzea, eta, bestetik, langabeziari aurre egitea”, dio Bernalek.

Lanpostuak zehaztuta, 56 lagun kontratatu dituzte konponketa-lanak edota margoketa-lanak egiteko: 28 pertsona deialdi bakoitzean. “Leku itxietan hasi dira lanean, eguraldia lagun ez baitute izan. Dagoeneko Aperribaiko Eperlanda eskola zaharreko bi gela eta lehenengo solairuko korridorea margotzen eta egokitzen amaitu dute”, dio Bernalek. Bigarren fase batean, eskolan egin beharreko hobekuntza gehiago egingo dituzte. “Usansoloko adinekoen zentroan, Galdakaoko Helduen Hezkuntzako lokaletan eta Udal Euskaltegiko lokaletan ere egin dituzte hobekuntzak. Horiez gain, piboteak, farolak, bankuak eta barandak margotzen ari dira udalerriko hainbat gunetan, baita Behargintzako lokaletan konponketak egiten ere, leiho batzuk kableatuz eta aldatuz”, dio. Era berean, Gandasegi-Egia ikastetxea margotzeko asmoa dagoela adierazi dute udal ordezkariek, sei hilabeteko iraupenarekin, baita Bekeako frontoia eta Usansoloko futbol zelaiko gune bat ere.

Bestetik, 24 lagun Enplegu Berdea delako ekimenean ari dira beharrean: “Dagoeneko 12 pertsona ari dira lanean hiru taldetan banatuta Olabarrietako txaleteko, Erletxesko poligonoko eta Ostalaritza Eskolaren atzealdeko lurrak gaerbitzen eta mantentzen. Bigarren deialdiko langileak datozen egunetan hasiko dira lanean”, dio Bernalek. Agente zibiko bezala 16 lagun kontratatu dituzte, eta ikastetxe eta hirigunetako inguruko bideetan eskolako komunitateari pasabideetan laguntzen, eta ospitalearen inguruan erabiltzaileei aparkalekuetan laguntza ematen ari dira. Eta azkenik, gazteei lan-aukerak emateko asmoz, 10 herritar izango dira herriko gune ezberdinetan muralak margotzen: “Lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten gazteak ari dira planean parte hartzen. Prestakuntza-ikastaroak ari dira jasotzen, beren lanak egitera irten aurretik”, dio Bernalek. Ez da lehen aldia muralak margotzeko gazteak kontratatzen dituztena. Hain zuzen ere, iaz bost gazte kontratatu zituen Udalak Galdakaoko eta Usansoloko sei gunetan muralak margotzeko (Lapurdi kalean, Bekeako tunelean, Gorosibai inguruan, Galdakaoko Musika Eskolan eta suhiltzaileen egoitza zenaren inguruko horman) eta 2019an beste bost (Errekalde bidean, Zubiaurretaren kalean eta Urreta parkeko haurrentzako eremuan).

“2021eko enplegu planetara bideratutako eta urtearen amaieran onartutako aurrekontuan jasotako aurrekontuari dagokionez, hura aldatzea aztertuko dugu. Izan ere, pandemiari aurre egiteko sortu den egoera aztertuko dugu, seguruenik langabeziaren igoera ekarriko duelako, batez ere biztanleria landunaren artean aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak amaitzen direnean”, diote udal ordezkariek.

☉ Galdakao

Bideoa / Erlauntza handi bat agertu da Galdakaoko herrigunean

|

Hainbat erle erlauntza bat egiten agertu dira Galdakaon. Inocencio Goikuria Iturriotz galdakoztarrak Lapurdi eta Juan Bautista Uriarte kaleen arteko zuhaitz batean erlauntza egiten zeuden momentuko irudiak publikatu ditu bere sare sozialetan.

Bideoarekin batera honakoa publikatu du Goikuriak: “Udaberriaren amaieran eta udan, erleen koloniak banatu egiten dira erlauntza berriak sortzeko. Jatorrizko erlauntza erle erregina gazte baten ardurapean geratuko da, eta kolonia berriro jendeztatu beharko du. Erle erregina zaharrena, berriz, erle langileen laguntzarekin leku berri baten bila aterako da. Erle erreginak, erle langileek eta zenbait zantarrek osatzen duten talde migratzaile honi erlauntza deitzen diogu”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Udaberriko Sormenek Amets Arzallus, La Basu, Aiko, Itxaso Paya eta Maria Rivero ekarriko ditu Galdakaora

|

La Basu rapera etxebarritarrak kontzertua emango du maiatzaren 17an Basoa tabernan // Geuria

Maiatzaren 16tik 19ra bitartean izango da Udaberriko Sormene Galdakaon, ‘Sortuz ahaldundu! Zazpi jauzi’ lemapean.

Booktuber ekitaldia, ikastetxeetako eta euskategietako ikasleen irakurtaldi jarraitua, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, musika eta antzerkia antolatu dituzte.

Gaur aurkeztu dute Udaberriko Sormeneren egitaraua // Argazkia: Galdakaoko Udala

Gainera, Sormene abestiaren aurkezpena ere egingo dute. Hain zuzen ere, apirilean egitasmoari doinu propioa jartzeko lehiaketa abiarazi zuten eta maiatzaren 17an aurkeztuko dute Basoa tabernan.

Egitaraua / Udaberriko Sormene 2024

Maiatzak 16, osteguna
Booktuber ekitaldia
10:00 Maximo Moreno Musika Eskola

Maiatzak 17, ostirala
Ikastetxeen eta euskaltegien irakurtaldi jarraitua: ‘Miñan’ (Amets Arzallus eta Ibrahima Balde)
10:00 Torrezabal Kultur Etxea

Hitzaldia eta mahai-ingurua: ‘Bidasoa 2018-2023’ Fermin Muguruzaren dokumentala. Alaine Aranburu eta Amets Arzallus
10:00 Torrezabal Kultur Etxea

Kontzertua: La Basu + Sormene abestiaren aurkezpena
21:00 Basoa taberna

Maiatzak 18, larunbata
Marta Velascoren instalazioa: Hitzen euria
+ Musika zuzenean: Carmen Santamaria (pianoa) + Natalia Sanchez (flauta)
12:00 Muguru parkea

Helduentzako tailerra eta erromeria: Aiko dantza taldea
18:00 Kurtzeko plaza

Maiatzak 19, igandea
Antzerki musikala: ‘eMcumeak’ (Itxaso Paya eta Maria Rivero)
19:00 Torrezabal Kultur Etxea

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Gazte Egunean gertatutako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur

|

Apirilaren 27an herrian gertatutako beste eraso matxista bat salatu zuten Galdakaon // Argazkia: Aitzol Zamalloa

Maiatzaren 4an, larunbatez, Galdakaoko XII. Gazte Eguna izan zen, eta antolatzaileek salatu dutenez eraso matxista bat gertatu zen.

Horren aurrean, Udalak protokoloa aktibatu eta Momoak, Erabide, Erlantza, Ninaiz, Mairi eta Basandere talde feministek elkarretaratzea deitu dute gaur, maiatzak 9, 20:00etan Santi Brouard plazan.

“Zuen biolentziaz nazkatuta gaude! Berriz ere kaleak hartzeko momentua da!”, diote.

Galdakaoko Udalak erasoa “irmoki” salatu du eta adierazpen instituzionala publikatu dute udaltalde politiko guztien adostasunarekin. “Udalak babes eta laguntasun osoa adierazi nahi die erasoa jasan duen pertsonari eta haren hurrekoei”, diote.

Era berean, alderdi jeltzaleak gehitu duenez, “erasotzailea jaian parte hartzen zuten gizabanako batzuek babestu zuten, identifikaziorik izan ez zezan, Udaltzaingoaren lana larriki oztopatuz”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Sukalki eta tortilla txapelketekin amaiera eman diete Aperribaiko jaiei

|

Aperribaiko jaiak izan dira aste honetan, apirilaren 30etik maiatzaren 5era bitartean. Gaur, jaien amaieran, sukalki eta tortilla txapelketak izan dira protagonista, eta bertan izan da GEURIA.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak / Zapi horiak soinean, Gazte Eguna ospatu dute Galdakaon

|

XII. Gazte Eguna ospatzen ari dira gaur Galdakaon. Maria Casillas eta Aitor Ibarrondo gazteek ostegunean GEURIAri aurreratu bezala, giroa paregabea da: kuadrilla askok paellak prestatu dituzte goizean zehar eta 600 lagun inguru batu dira herri bazkarian. Arratsaldean musika izango da protagonista: elektrotxaranga eta kontzertuak! Egitaraua hemen!

Hona hemen bidali dizkiguten argazkiak:

 

Eta hauek Imanol Aguilarren argazkiak, Gazte Eguneko antolakuntzak GEURIAri bidalitakoak:

Osorik irakurri