→Galdakao

Usansoloren desanexioari buruzko herri galdeketa ofiziala martxoan izango da

UHko bi zinegotziak, udal gobernu taldeko gainerako kideekin batera // Argazkia: Geuria

Usansoloren desanexio prozesuak bere bidea egiten jarraitzen du. Bizkaiko Foru Aldundiak balizko segregazioak ekarriko lituzkeen eraginei buruzko memoria onartu du eta hurrengo urratsa da biharko Galdakaoko osoko bilkuran onartzea. Udalbatzak memoria onartzeaz gain, Usansolon herri galdeketa egiteko baimenari oniritzia emango dio bihar. Bi erabakiak gehiengo osoz onartu behar dira prozesuak aurrera egin dezan, eta hala gertatuko dela aurreikusi dute udal gobernu taldeko kideek.

“Usansoloren desanexioari buruzko prozesua amaitzeko urrats gutxi falta dira. Zehazki, lau urrats baino ez dira falta, eta bihar lehenengo urratsari hasiera emango diogu osoko bilkuran”, dio Agustin Aizpuru Usansolo Herriako (UH) zinegotziak. Hain zuzen ere, bihar memoria eta kontsulta egiteko baimena onartuko dituzte Galdakaoko Udalean. “Hurrengo urratsa da Usansolon galdeketa egitea”, dio Aizpuruk. Aurreikuspenen arabera, galdeketa martxoan izango da: “Martxoaren 20an edo 27an izatea aurreikusten dugu, ez beranduago. Hala ere, data oraindik ere ez dago zehaztuta”, dio Aizpuruk. Galdeketa ofiziala da, baina ez da beharrezkoa egitea: “Galdeketa egin nahi dugu usansolotarren nahia jakiteko. Beharrezkoa dugu usansolotarren nahia jakitea”, dio Aizpuruk.

Galdeketa eginda Galdakaoko Udalaren lana bukatutzat emango da. “Ondoren, prozesuak Bizkaiko Foru Aldundian eta Batzar Nagusietan jarraituko du. Aldundiko zerbitzu juridikoek txosten proposamen bat egingo dute eta berau Batzar Nagusietara igorri beharko dute. Batzar Nagusiek txosten hori baimendu edo ukatu dezake. Espero dugu onartzea”, dio Aizpuruk. Txosten horiek onartuz gero, Usansoloren desanexio prozesua ekainean bukatuko litzateke.

34 urteko borroka

Usansoloren desanexioaren borroka aspalditik dator. Zehazki, hiru hamarkada baino gehiago. “Usansolok nortasun sentimendu handia du. Bizkaiko 113. udalerria izateko 34 urte daramagu borrokan. Urte hauetan desanexioa eskatzeko zenbait prozesu bultzatu dira, baina bat berak ere ez du aurrera egin, nahiz eta foru baldintza guztiak bete. Sondika, Erandio, Alonsotegi… asko dira desanexioa lortu zuten udalerriak, eta Usansolo Bizkaiko udalerri bakarra da borroka horretan jarraitzen duena”, dio Iñaki Urgoiti UHko zinegotziak.

“2011n Usansolo Herria (UH) sortu zen desanexio prozesua Galdakaoko Udalean desblokeatzeko, eta azken urteetan aurrerapausoak eman ditugu. Besteak beste, 2020ko urtarrilaren 29an onarpen-espedienteari hasiera eman zitzaion, 2020ko azaroaren 11n Batzorde Mistoa eratu zen, 2021eko uztailaren 22an memoria bukatu zuen Batzorde Mistoak eta 2021eko abenduan memoriak erakundeek eskatutakoa betetzen zuela adierazi zen. Biharko Galdakaoko Udaleko osoko bilkuran aho batez onartuko da memoria eta herri galdeketa egiteko baimena emango da”, dio Urgoitik, eta Aizpuruk zera gaineratu du: UHtik pozik gaude prozesu hau amaituko delako. Badira 34 urte borrokan gaudela. Urte hauetan hainbat gestorek desanexio prozesua bultzatu dute usansolotarren borondatea betetzeko. Gertatu beharrekoa gertatuko da, baina zikloa ixtea espero dugu eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerria bihurtzea”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak