→Hego Uribe

Geuriak jaso du CAF-Elhuyar Kazetaritza saria 2022

Jon Villapun GEURIA komunikabideko zuzendaria // Elhuyar

GEURIA komunikabideak CAF-Elhuyar saria jaso du ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ lanagatik. Zientzia-Kazetaritzaren arloko saria irabazi du Hego Uribeko komunikabideak eta Jon Villapun komunikabidearen zuzendaria izan da Tabakaleran egindako sari-banaketan. Hego Uribe eskualdeko ur emarien historia, bilakaera eta gaur egungo egoera aztertzen ditu ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ lanak, Etxerreko putzua, Basauri, Zaratamo eta Galdakao herrien mugan dagoen laku berezia ardatz eta abiapuntu hartuta.

Lanak elkarrizketa laburrak idatziz eta luzeak bideoan, ilustrazioak, editoriala, historiari errepasoa, komikia eta bestelako eduki bereziak batzen ditu lanak. 32 orrialdeko paperezko edizioa argitaratu zen iazko ekainean: bederatzi elkarrizketa, mendi-iturrien ibilbidea, flora eta faunaren errepasoa ilustrazioen bidez… Osorik online irakur daiteke, baita eduki guztiak banan-banan, idatziz eta bideoan, irakurri eta ikusi.

Elhuyar Sariak 2022ko irabazleak // Elhuyar

“Beste mundu baten aldeko aldarria da egin dugun lana. Naturatik gertuago bizi behar dugu, baina gero eta gehiago aldentzen ari gara. Horren adibide da Etxerreko putzua berea: paraje eder bat, ikusgarria, bizirik dagoena, urtetan bere kabuz birgaitu dena, eta horren ordainetan, gizakiak tratu txarrak eman dizkio. Inork gutxik ezagutzen du Etxerre, hala erabaki delako. Ostondu egin da, lotsak ostontzen diren moduan”, dio Jon Villapun kazetariak: “Basauri, Galdakao eta Zaratamo herrien mugan dago, lantegien artean, A8 autobidearen azpian, zabortegi moduan erabili izan da, eremuarekin espekulatu da, legez kontra hesiz inguratuta dago, pribatizatuta. Hori da naturak gurean duen tokia. Hau adibide bat besterik ez da”.

Maider Ibañez, Jon Goikouria eta Jon Villapun kazetariek elkarlanean egindako lana izan da ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribe uren altxarrak’. Kazetariekin batera, Fernando Gomez herritarrak, Dani Maiz, Arkaitz Aranguren eta Igor Ramos irudigileak osatu dute lantaldea. Aurretik, joan den azaroan, lan berak Tokikom Kazetaritza saria ere jaso zuen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak