→Basauri

Mercabilbaoko lurretarako industrializazio eta enplegu plan bat eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Kamioiak Mercabilbaon // Geuria

Mercabilbao Basauritik lekualdatuko dute hemendik bost urteren buruan. Ortuellan egingo duten Euskadiko Elikagaien Campus berrian ezarriko dute Mercabilbao 2027an. Albisteak erreakzio asko izan ditu herrian. Alde batetik, udal gobernu taldeak dio “Basaurirentzako aukera-lurzoru berri bat” bihurtuko dela Mercabilbaok utziko duen lursaila, eta bestetik, oposizioko udaltaldeek euren kezkak azaldu dituzte.

Ildo horretan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio bateratu bat aurkeztuko dute gaurko osoko bilkuran Mercabilbaoko lurretarako industrializazio plan espezifiko bat eta enplegu eta kualifikazio profesionalerako plan bat eskatzeko, “udalerriko biztanleek bertan sortuko diren lanpostuak eskuratu ahal izan ditzaten”, diote Exabier Arrietak eta Roberto Galdosek, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaileek.

Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari bi planen diseinua eskatzea eskatuko dute bi alderdiek maiatzeko osoko bilkuran. “Mercabilbao hemendik joateak Basauriko enpleguan eta ekonomian izango duen eragina aztertzea eskatzen dugu”, zehaztu dute.

“Kolpe berri bat”

Mercabilbao lau edo bost urteren buruan lekualdatuko dute. Basauriko Udalak adierazi du ahaleginak egingo dituztela lursail horietan jarduera ekonomikoa sortzen jarraitzeko. Ildo horretan, EH Bilduko bozeramaileak “epe zehatzak dituzten etorkizuneko planteamenduak” eskatu ditu. “Alderdi guztien artean baloratu behar dugu, orain arte ezin izan dugulako egin”, adierazi du Arrietak. Bestalde, Roberto Galdos Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak azpimarratu du Mercabilbao Basauritik kentzea “kolpe berri bat dela enplegu zuzenarentzat eta ingurukoentzat”. Gainera, La Basconia edo Mercabilbao bezalako lursailak etorkizuneko enpresa-nitxo bihurtzeko proiektu eta inbertsio falta kritikatu du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak